XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zuzenbideko hizkeraren berezitasunak

Antton Elosegi

Medikuen letra eta lege-munduko hizkera ulergaitzak direla jende guztiaren ahotan dabil.

Errezetak erizainek idazten dituztenetik, badirudi lehen arazoa konponbidean doala.

Lege-testuak euskaraz ere agertzen direnetik, ordea, euskaldunik euskaltzaleenari ere gertatu zaio erdarazko zutabera aldatu beharra, euskarazkoan saiatu ondoren.

Txantxetako konparazioak alde batera utzirik, egia da arazo latzak dauzkagula zuzenbideko euskara normaltzeko bidean.

Beste alorretako hizkeretan baino latzagoak, esango nuke nik.

Hizkera juridikoa berezia denik ez du inork ukatzen, baina, nere aburuz, euskara juridikoa moldatzen saiatzen ari garenoi gertatzen zaiguna, zuzenbide-hizkeraren berezitasuna behar bezala ez ulertzetik dator, besteak beste.

Zuzenbidea ez baita berez, edo sortzez, zientzia edo teknika bat.

Inolako definiziogintzan sartu gabe esan dezagun, gizarte-harremanak bideratzeko agintariak eman eta gizarte batean dagoen arau-multzoa dela.

Hortaz, zuzenbidea eguneroko bizimoduan txertatua aurkitzen dugu.

Edozein maila ekonomiko-sozialetako gizon edo emakumeren hizketa-gai izaten dira arazo juridikoak, ez bertatik jaten duten abokatu eta epaile jendearena soilik.

Zuzenbide-alorrean hizkuntzaren egiteko nagusia ez da errealitatean gertatzen denaren berri ematea, zientzietan den bezala.

Zuzenbidean, hizkuntzaren bidez, eta gainerako baldintzak betetzen direlarik, bai esateagatik, edo Urlia halakoa jasatera kondenatzen dut idazteagatik eskubideak eta betebeharrak sortzen dira: errealitatea (juridikoa) aldatzen da.

Gauza bera gertatzen da arau bat esaten edo plazaratzen delarik.

Hizkuntzaren funtzio horren ondorioak dira alde batetik zehaztasunik zorrotzena bilatzea, eta bestetik halako sakralizazioa gertatzea lege-hitzaren eta esamoldearen inguruan: hitzei atxikiz babestu nahi izaten da segurtasun juridikoa.

Izan ere, zuzenbide-iharduna hein handi batean hizkuntz azterketan oinarritzen da, arauen interpretazioa hori baita funtsean.

Gizarte guztietan zuzenbidea badago ere, ez dago oraino, benetazko zuzenbide unibertsalik Estatu bakoitzarenaren gainetik.

Hortaz, zuzenbidezko kontzeptu orokorrenak ere nekez izaten dira baliokide zehatzak Estatu batetik bestera.

Sistema juridiko nagusien barruan amankomuneko kontzeptu eta hitz asko egon arren, Hiztegi juridiko eleaniztunetan sarritan irakurtzen ditugu honelako oharrak: halako zuzenbidean honako termino honi halako esanahia ematen zaio;.

Horrela, sistema juridiko bakoitzak, hura sortu duen Estatuaren historiari eta hizkuntza (ofizial)ari loturiko bilakabidea izan ohi du.

Zuzenbideko kontzeptuak, Estatu bakoitzak, bere hizkuntzaren arabera moldatzen dituenez, zuzenbide-hizkerak, estatu-hizkuntza bakoitzaren hizkera bereziak ditugu.

Esan beharrik ez dago, gure ofizialtasunik gabeko historiak euskarazko hizkera juridiko propioa garatzea galerazi digula.

Enfiteusis, litis-consorte, interdicto, eviccióneta horrelako hitzez osatua ikusten du herritar xeheak zuzenbideko hizkera.

Eta bertan kokatu izan dituzte batzuk hizkera horren zailtasunak.

Oso uste okerra, alderdirik bihurriena, kontzeptu teknikoak eguneroko hizkuntzako hitzez izendatzean baitago.

Edo beste aldetik begiratuta, hitz orokorrak esanahi berezituetan erabiltzean.